XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erromako Itzulia

MAITE dugun gauza bat, maiz gogoan dugu, eta gogoa hartan duguno, ez gira enheatzen.

Piaia bat gostukoa egina dugunean, lakhet zauku guzier hartako chehetasunez orhoitzea, eta gero izkiributan ezartzen baditugu bideko gora-behera guziak, berriz gozatzen dugu piaia hura eta batzuetan piaia-denboran baino gehiago.

Nola baitugu itzuli bat egina, ez bakharrik gostukoa, bainan maithagarria, biziki usu gogoan duguna, berriz eginen dugu hemen, Gure Herria agerkari eder hunen irakurtzalekin batean, chehe-chehea emanez joan-jin hartako berri.

GURE CHEDEAK

Urtheak ditu gure gogoan iragan zela lehen aldikotz Erromarat itzuli baten egiteko lehia.

Hoinbeste aiphatua zen hiriaren ikhustea, Aita Sainduaren bekhoz-bekho ikhustea, eder eta hunkigarri zitakeela ez ginuen dudatzen.

Bainan eremuz hain zaukun urrun Erroma, nun kasik etsitua baiginuen nehoiz harat heltzea.

Iragan urthe-hastetsuan, (1929-an) horra nun arima on batek erraiten daukun, jadanik egunkarietan irakurtua ginuena, chazko Phazkoetan phesta handiak bazirela Erroman, eta heien ikhusteko behar ginela han aurkhitu.

Kolpez aphur bat durduzatua, bainan abian bihotza atseginez gaindia, baietz erran ginuen dudarik batere gabe.